EU | ES | EN
Gobierno Vasco

Baiona-Tolosa elkartrukea abian da!

Uztailean egingo den 15 eguneko elkartrukeak euskara eta frantsesa indartzea izango ditu oinarri. Aurten izango da estreinakoa eta esperientzia pilotu gisa hartuko dute.

Tolosako Asmoberri Guraso Elkarteak eta Baionako Jakinola elkarteak elkarlanean bultzatu dute aurten esperimentazio fasean izango den proiektua, Orixe BHIko ikasleen eta Baionako Marracq ikastetxe publikoko ikasleen artekoa. Ostegunean, otsailak 14, Baionan izan zen Asmoberriko eta Orixe ikastetxeko ordezkaritza bat (Argazkian: Eli Gabarain Asmoberrikoa eta Jesus Garate Jakinolakoa, Baionan, ostegunean). Antolaketako azken zehaztasunak lotzera joan ziren, besteak beste, ikasle-bikoteak egitera.

 

Ikasturte hasieratik bi elkarteak harremanetan izan dira eta lehen aldi honetan froga gisara Orixeko 3.DBHko frantses ikasgaiko ikasleei eskaini diete elkartrukerako aukera. Orixeko ikasleentzako aukera paregabea izango da frantsesa praktikatzeko eta Ipar aldeko euskal eledunekin harremanetan jartzeko. Baionakoek, ordea, euskal familietan murgiltzea izango dute helburu nagusi. Esperientzia pilotua deitu duten honetan oinarriak ezarri nahi izan dituzte aurrerantzean ikastetxeko jende gehiagori zabaltzeko, baina hasteko ikastetxe bakoitzeko zazpi ikasle baino ez dira izango elkartrukea egingo dutenak.

Elkartrukea uztailean izango da, zehazki uztailaren 6tik 20ra. Lehenengo Tolosako gazteak izango dira Baionako familietara joango direnak, astebetez, eta ondoren denak etorriko dira Tolosaldera euskal familietan murgiltzera.

© ORIXE BHI
Telefonoa: 943899289 | Telefonoa: 943899288 | 012980aa@hezkuntza.net